Borrar
Oier Guillan eta Agurtzane Intxaurraga, atzoko aurkezpenean. Gorka Estrada

Agurtzane Intxaurragaren eta Oier Guillanen lanak jaso ditu Ganbila antzerki bildumak

'Zorretan' eta 'Aztitza' liburuek Susak arte eszenikoei eskaintzen dien kolekzioa osatu dute hurrenez hurren

Itziar Altuna

Donostia

Jueves, 29 de mayo 2025, 19:27

Susa argitaletxearen Ganbila antzerki bildumak bi ale berri ditu, 28. eta 29. liburukiak. Lehenengoak, 'Zorretan' lanak, Agurtzane Intxaurragaren bi obra bildu ditu, 'Hitzak' (2012) eta 'Zorretan' (2024); bigarrenak, 'Aztitza' izenburua duen liburuak, Oier Guillanen estilo desberdinetako hamaika testu.

Hamabi urteko tartea dute Intxaurragaren bi obrek, baina badituzte «puntu komunak», Gaizka Sarasola Susako editorearen esanetan, izan ere emakumeari historikoki lotu izan zaizkion «rolen zamak» islatzen dituzte; 'Hitzak' obrak emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak eta 'Zorretan' lanak zaintza eta dolua, «baina baita maitasuna», Intxaurragak aurkezpenean zehaztu zuenez. Bi antzezlanak Hika teatroak oholtzara eraman ditu.

«Ariketa pertsonal modura» hasi zen idazten Agurtzane Intxaurraga 'Hitzak', tratu txarrak sufritzen dituen emakume batek sentitu zezakeena ulertzeko, «jakin gabe nola bukatuko nuen». Baina argi zuen ez zuela kolpe fisikoez hitz egin nahi, hitzez baizik. «Askotan denok ematen ditugu tratu txarrak hitzekin, nahi gabe edo nahita». Honela, historioa sortzen joan zen eta kontatzeko modua ere aurkitu zuen. Emakume hori hiru garaitan banatu zuen: maitasuna bizi duenekoa, hitz mingarri eta zorrotzak azaltzen hasten denekoa, eta azkenik, askatzea lortzen duen emakumea.

'Zorretan' lanaren kasuan, idazteko nahia «gogo batetik» sortu zela aitortu zuen Intxaurragak, horretarako «beharra» sentitu baitzuen. Donostia Antzerki Saria jaso berri duen antzezlan honek «bikote baten harreman osasuntsua» erakusten du, non «maitasuna eta errespetua gailentzen diren»

Ez du bere burua idazletzat jotzen Intxaurragak, «dramaturga naiz», aldarrikatu zuen. Hika teatroarekin 36 urteko ibilbide oparoa bizi izan du, eta 'Zorretan' liburua osatzen duten bi antzezlanek konpainiaria «leku bat» egiten lagundu diotela onartu zuen. «Gehiago etorriko dira», adierazi zuen.

Bestelako antzerkia

Ganbila bildumako azken liburukiak Oier Guillanen hamaika antzezlan labur bildu ditu, autoreak «bestelako antzerki batetan» sinesten duelaren adierazgarri direnak, Gaizka Sarasolaren ustez. Metrokoadroka kolektiboko kide, idazketa ulertzeko modua «kolektiboagoa» duela onartu zuen Guillanek, baina 'Aztitza' liburuan jasotako testuak «idazketa pertsonal batetik datozenak» direla argitu zuen aurkezpen ekitaldian.

Irakurleak estilo desberdinetako testuak topatuko ditu, «absurdoaren teatroa, ekintza eszenikoetarako gidoiak, dialogoak, bakarrizketak, teatro dokumentalaren zantzuak, postmanifestuak eta lan poetikoak», zehaztu zuen autoreak. Guzti horietatik zazpi antzeztuak izan dira, bik sareetan izan dute ibilbidea eta beste bi inoiz argitaragabeak dira. Gaur egun oholtzetan dirauen 'Aztia' testuak zabaltzen du liburua, «ez kasualitatez, liburu osoa ulertzeko gakoak ematen ditu», azaldu zuen Guillanek. Jarraian datoz, 'Lore saltzailea'; 'Brigadista'; 'Gorputz ahaztuen edertasuna'; 'Ukondoa'; 'Bingo nudista'; 'Barraskiloa'; 'Bai, bai eta bai'; 'Disekzioa'; 'Detektibe emozionala' eta 'Loaren defentsan'.

Idatzi dituen testuak zeharkatzen dituen hitzik badago, hau «elkartasuna» dela adierazi zuen Guillanek. «Eta hori izateko lehen urratsa enpatia da», gaineratu zuen. Hain zuzen Sarasolak ere autorearen alderdi hau goretsi zuen. «Egungo auzi sozial eta politikoekiko kezka nabaritzen da bere lanetan, eta gaur egungo arazoetan bere burua non dagoen kuestionatzen du».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Agurtzane Intxaurragaren eta Oier Guillanen lanak jaso ditu Ganbila antzerki bildumak

Agurtzane Intxaurragaren eta Oier Guillanen lanak jaso ditu Ganbila antzerki bildumak