Borrar
Martin Anso editorea, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, eta Txabi Sagarzazu, egilearen anaia, gaurko aurkezpenean. Borja Luna

Anton Abadiaren biografia berrargitaratu eta euskarara ekarri dute

Iñigo Sagarzazu Altunak 1997an plazaratutako lana aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean berreskuratu dute, egin zituen lanak ezagutarazteko

Itziar Altuna

Donostia

Lunes, 9 de junio 2025, 14:16

Geografoa, astronomoa, hizkuntzalaria, etnografoa eta beste hainbat alorretako aditua izan zen Anton Abadia (1810-1897). Jaiotzez dublindarra, hiru urterekin Toulouse hirira etorri zen bizitzera bere familiarekin. Jakin-min handiko gizona, hainbat arlotan lan egin zuen, baita euskararen sustapenean ere. Iñigo Sagarzazu Altunak (Hondarribia 1963-2004) bere biografia argitaratu zuen 1997an 'Abbadie. El sabio y su tiempo' izenburupean, hamar urtez ikertzen jardun ondoren. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean, biografia hori berrargitaratu dute, baita liburuaren euskarazko eta frantsesezko itzulpenak.

Biografia «zorrotza eta eguneratua» dela azaldu du Martin Anso Elkar argitaletxeko editoreak. «Zorrotza, ikerketa luze eta sakon baten ondorio delako, eta eguneratua, idatzi zenetik 30 urte pasa badira ere, gaur egungo ikuspegitik idatzita dagoelako», adierazi du astelehen honetan aurkezpen ekitaldian. Biografia «modernoa» badela ere onartu du, izan ere «modu kritikoan» ere azaltzen du Anton Abadia, bere lorpen zientifikoek distira galdu baitute denborarekin.

Hala ere, Abadiaren bizitzak «harrigarria» izaten jarraitzen duela iritzi du Ansok. Afrikan hainbat esploraziotan parte hartu zuen, eta Euskal Herrira bueltan, lan zientifiko eta bestelakoak egiten jarraitu zuen, baita euskararen sustapenean. «Tolouseko eredua jarraituz, euskal lore jokoak eratu zituen», gogoratu du editoreak.

Iñigo Sagarzazuren liburuaren berrargitalpen eta itzulpenak Abadia Sariaren 25. edizioa dela eta sustatu dira, bere historia eta hark egindakoak «berreskuratu eta ezagutarazteko», adierazi du Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. «Bere bizitza ibilbidean egindako lana XXI. mendera ekarri nahi genuen, berrikuntza eta euskara, tradizioak eta esploratu gabeko muga berriak uztartu zituelako. Gaur egun, bizi-bizi, esku artean ditugun tresna eta balio berak baliatzen zituelako hein handi batean, hizkuntza biziberritzeko ahaleginean», gaineratu du. Ikerlari hondarribiarrak egindako lanak «ezkutuan gera zitekeen pertsonaia bat iraunarazi» duela esan du, eta horretagik Sagarzazuri eskerrak eman dizkio egindako lanagatik, baita bere familiari, liburua «bizirik» mantentzeko urtetan zehar egindako ahaleginagatik.

Sagarzazuren lanaren euskarazko itzulpena Zuriñe Barrerek egin du eta frantsesezkoa, berriz, Céline Escorrouk, biak ere Tisa etxeko itzultzaileak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Anton Abadiaren biografia berrargitaratu eta euskarara ekarri dute

Anton Abadiaren biografia berrargitaratu eta euskarara ekarri dute